Jose Azurmendi PAGOA geldi dago bidearen ertzean, ezin du konprenitu nire presa bidean. Bide gora noala -izerdi bizkarrean- zergatik hain urduri zerbaiten ehizean? Kantsazio pozoia baidarama zainean, izanaren miztoak sartuta egonean bizitza neke ahulen pentsaketa luzean, ezin du konprenitu nire presa bidean. Bihotza igartu zaio gogoeta luzean, gogoa zaio igartu pentsamentu lanean. Nire anaia delarik ezaren ilunean ezin du konprenitu nire presa bidean. Udazken bustiaren arratsalde morean, fedea erantzi dio Lanbrok, oharkabean, sentimen busti tristez alkar besarkatzean, ezin du konprenitu nire presa bidean. Jose Azurmendi PAGOA (Hitz berdeak 26) NEKATUTA nago! Nekaturik irixten naiz beti gauaren atera ta zin egiten dut ez sekula gehiago afan alferretan leher egiteko. Ta goizero argiarekin hasten naiz atzera, barriz bila ta bila, esperantza zoro batez. Zeinek aterako lidakean bihotzetik maitasunaren sustrai orpoa! Zeinek emango lidakean presondegi urte batzuen atsedena! Edo heriotza. Esaidazutela zer den zerbait, zer den edozer gauza, esaidazutela. Gezurrak ta diruak kutsatu gabeko zerbait zer den. ez dago aterperik guretzat, debekatu zaigu ateria. Askatasuna debekatu zaigu kostako haize leunak alamerako neskatxen ilea, ikurrin moduan, askatzen duelarik. Hamar dirade mandamentuak ta hamaika bai pobrearen nahigabeak. Debekatu zaigu gizon izatea ta kito. HERRIAK sofritzen dauden artean beti dira poetak astiarekin rinozeronteari kilimak egiteko, pobreak triste bizi diren artean eta mundua heriotzera doalarik, delfinak orrazteko. Baina nik ez dut betarik langileen bekokian izerdi lokatza ta nekearen zimurra ez baino pentsamentuarena ikusi arte. Beti dira poetak ibaian umeak itotzen egonda ere ilargia dizdiratzen baizik ez dutenak ikusten. Beti dira poetak ibaian umeak itotzen egonda ere ilargia dizdiratzen baizik ez dutenak ikusten. Beti dira poetak arratsaldean hil kanpaia jotzen denean aingerutakoa dela pentsatzen dutenak. Nik ez dakit zer esan. Auskalo zer ari zaigun esku-artean gertatzen. Bainan nazkagarria da poeta izatea. Jose Azurmendi (Hitz berdeak 118-119) GIZONA libertade gosez dago. Alperrik hodei hondarretaraino esegi du ilargia zure gaua zuritzeko zeruak. Gaztea libertade gosez dago. Jaio zen ohe odolduan ordurako gau zelako. Eta beti libertade gosez dago. Poetak, aresti onean egin dio poema, poema burnizko, libertade gatigua bota duen amildegitik libratzeko. Bere obena santu den arren Jainkoaren ordezkariak ez du inoiz barkatuko. Gure munduan zuzenbidea debekaturikan dago. Gartzeletan, mundu berrien Prometeo, gure begiak garbitu burdin-suz dituzulako. Guk genituen kateez lortu zaituzte laburto. Baian etenik kateok zuzenbidea mundu berrian libre dago. Jose Azurmendi GIZONA (Hitz berdeak 30) POBREOK etxaboletan ez dugu argirik, eta begiotan min, bai. Ez baitakigu ikusten. Ta argia hotza denez gero ez dugu leihorik, ta diruak gordetzeko ez dugu behar aterik. Argi gutxitxo dugu, bai, etxabola gurean. Bihar-edo noizbait justizia egingo den itxaropenaren argi gutxitxoa. MEATZARI, hezurrak bilatu, hezurrak, gure gurasoenak. Hezurrak, arima oraindik eransteke dutenak. Zulatu lurra, sartu eskuak lurperaino, zeruaren ametsik ez deneraino, infernu-kiratsa deneraino, ta sartu, meatzari, beherago. Lurperatu zituzten-eta behe oso behean Ez dedila loretu gure aitaren bat-edo... Ta esan ez dezaigun, isil-isil, belarrira, inork mundura libre ginela etorri. SEKULA ez. Haiek eta gu ez gaitu sekula lotuko zorte bat bedearen loturak. Ez ditu pobre ta aberatsak berdinduko ezerk, ez heriotzak berak. Ta itzuliko gera lurraren altzora. Gu biluzi. Ta haiek, usteltzekoan ere, jauregietan kargatuko dituzte harrak. Haiek. Eta gu. Eta aterperikan gabe, gure alarguntsak nora nahi. NEKAZARIAK galtzen doaz bizitza, galtzen ardiek ile- -matazak bezala, arantzetan, andu, hesi, bideetan, eguzki, antzigarretan. Esperantzazko zarpazar mantartu, pusketaka doaz galtzen bizia. KATE honek lotzen nau, kate honek nau hiltzen, kate honen gogorrak nau ederragotzen. Kate honen erpetan bizitza bizitzen, deabruzko fede hau luzaro sofritzen. Eztarrian kantua kate zahar honek dit gaua itotzen. Katean loturik bizitzaren gauean urrintzen joan ala Rembrandt-en ilun-argiz pintatzen zaidala nire zortearen imajina zitala itxaso barearen ertzetan. Kate mingarri honek nau ederragotzen. Nau gizon bihurtutzen. Jose Azurmendi KATE (Hitz berdeak 85) NIRE hitz pobrea diru balitz jaten eukiko lukete langile pobreek. Eta sobranterik ez nuke Bankuan jarriko. San Anton-go zubitik Marzana-ko gabarrak ikusirik, aterako nuke nire patrikatik, ta eskuak zabaldurik Ibaizabal-ek aspaldian izan ez duen edertasun bakarra sortuko nuke. BAINAN urteak zehar Euskal Herriaren etorkizunak ba dirudi basamorturakoan saski batean hartu genuen ura. BASORA irten nuenean nire ahal guztiekin hotsegiten nuen. (Gaztaroaren ezean poz-hostoak ikusten dira arboladian). Jainkoa iruditzen zitzaidan dehadarraren oihartzuna. Nunahiko askatan asetzen nintzen amesen ur freskoa. Gero aita hil zen. Harrez gero ez dit Jainkoak erantzun. Nire dei larriek kukuaren zotin hausia, otsoaren ulua jasotzen dute oihartzun, zulo bat bezala ezerezera. Jose Azurmendi ZUBIAN (Hitz berdeak 109) ETXEAN argi gutxi dugulako dabil gure alaba izarretan kontaduria eramaten, senarrik izan gabe mila gizonen andre. (Gure sukaldeko kea tximini ahora orduko galdu da. Fabriketakoa ez). Bainan goizero itzaltzen dira izarrak, eta gure alabak irabazirik ezin aurreratu. (Fabriketako adarra urrun entzuten da. Pobreen negarra ez). Gure etxe etxabolan argi gehiegi da alabaren pekatua ikusteko. Ta argi gutxi. Nik bakarrik ikusten dut alabearen negarra. Jose Azurmendi GURE ALABA (Hitz berdeak 88)