ESAERA ZAHARRAK Aurkezpena Aintzinatik erabiliak izan dira esaera zaharrak Euskal Herrian. Orokorrean, esaera zaharrak adibide bat erabiliz egoera ezberdinak azaltzeko erabiltzen diren esamoldeak dira, euskal historian zehar eta gaur egunerarte ahoz aho igorriak izan direlarik. Esaera zaharrek elkarrizketa bizia adierazi ohi dute, eta maiz aurki daiteke Euskal Herriko edozein tabernatan eztabaidaka ari den norbait esaera zaharrak erabiltzen. Euskal kulturaren barnean hain bereziak direlako, EHJk atal bat eskeini nahi izan die esaera zaharrei. Beraz, eta gogokoa izango duzuelakoan, horra hor gure esaera zaharren bilduma. OSASUNA MUNDUKO ONDASUNA Mundu honetako aberastasunik handiena osasuna edukitzea da. ESKOLA UMEAK SASIZ SASI ASKO JAN ETA GUTXI IKASI Lehen, eskoletan maisuek ikasleak jotzen zituzten garaietan, haur asko eta asko, beldurrez, eskolara joan gabe geratu ohi ziren. Hau da, "eskola ihesi" edo "piper" egin ohi zuten. Eta jendeak ikus ez zitzan, bide ertzeko zuhaizti eta sasietan ezkutatzen omen ziren. Hara hemen egoera honen berri ematen zuen esaera: Eskola Umeak Sasiz Sasi Asko Jan Gutxi Ikasi A ZER PAREA, KARAKOLA ETA BAREA Izakeraz elkarren antzeko samarrak bi pertsonei zuzentzen zaie esaera hau. Adibidez: Beste denak matematikako ariketak egiten ari diren bitartean, Imanol eta Eneko txiste kontatzen ari dira. Irakaslea konturatzen da eta esaten die: A Zer Parea, Karakola Eta Barea OGI GOGORRARI HAGIN ZORROTZA Gertatzen zaizkigun gorabehera, ezbehar, eta zailtasunen aurrean ez dugula etsi behar adierazi nahi da esaera honen bidez. Beti aurrera egin behar dugula. UMEAK! ISILIK OILOAK PIXA EGIN ARTE Jaioneren etxea haurrez beterik dago. Kanpoan euria ari du eta han bildu dira auzoko haur guztiak. Hango zalaparta, buila eta iskanbila! Jaioneren amak, hango istilua eraman eta isilik egoteko esan nahi die haurrei. Bi edo hiru txalo jotzen ditu eta, aurpegi ilun samarrez, honela mintzatzen zaie haur zalapartariei: Umeak! Isilik Oiloak Pixa Egin Arte NI TXAPELGINTZAN HASIKO BANINTZ UMEAK BURURIK GABE JAIOKO LIRATEKE Zori edo suerte txarrekoa zela adierzteko hau entzun nion behin gizon bati. BOST XENTIMOKO PUPUA ETA HAMAR XENTIMOKO TRAPUA Ismaelek urratu txiki bat egin zuen behatzean eta hurrengo goizean eskua bendaturik eraman zuen ikastolara. Motiborik gabe kexatzen denaz esan ohi da. GAUR HITZA EMAN BIHAR HAIZEAK ERAMAN Gauzak agintzea erraza da baina agindutakoa betetzea zailago. Adibidez: - Bihar mendira joango al gara? -Inakik Antxoni. - Bale, zer ordutan irtengo gara? - Zortzietan herriko enparantzan. Bihar arte! Hurrengo goizean han egon zen Antxon ordubete Inakiren zai. Baina Inakirik ez zen agertu. Zer gertatu zitzaion Inakiri? Gaur Hitza Eman Bihar Haizeak Eraman GEZURRA ESAN NUEN GETARI(A)N ETA NI BAINO LEHENAGO ZEN ATARI(A)N Astelehen goiza zen. Patxik, matematikako azterketaren beldurrez, goiz hartan ikastolatik piper egitea erabaki zuen. Baita egin ere. Arratsaldean, ikastolara joan zenean, goizean non egon zen galdetu zion irakasleak. Eta Patxik amarekin haginlariarengana joan zela esan zion. Baina irakasleak Patxiren amari telefonoz deitu zion haginlariaren kontu hura egia ala gezurra zen jakiteko. Honela, Patxi gizarajoa gezurretan harrapatu zuten. Semea etxera joaterako amak bazekien dena. Eta honela bukatu zen amak Patxiri bota zion sermoia: Gezurra Esan Nuen Getarian Eta Baino Lehenago Zen Atarian HARRIAK EZ DU BEGIRIK Mutilkoskorrak harrika ari direnean esan ohi da. Harria ez dela beti batek nahi duen tokira joaten eta kontuz ibili behar dela adierazi nahi du. TXORIAK ERE DUEN HAINBAT ODOL EMATEN DU Bakoitzak ahal duena baino gehiago ezin duela egin esan nahi da hemen. Adibidez: Jasone asko saiatzen da bere ikasketetan. Baina hala ere, bi "ez nahiko" hasten da. Orduan, amak, honela hitzegiten dio alabari: - Saiatu zaren baino gehiago ez dago saiatzerik. Ahal duzuna egin duzu. Denok daukagu geure neurria eta neurri hori betez gero, ez daukagu zertan kezkaturik. Aspaldi erakutsi zidan amonak esaera hau: Txoriak Ere Duen Hainbat Odol Ematen Du KANPOAN USO, ETXEAN OTSO Usoa animalia apala eta otzana da; otsoa berriz, basatia eta zakarra. Pertsonak ere batzuetan usoak bezala portatzen gara eta besteetan otsoak bezala. Non portatzen gara uso bezala eta non otso bezala? Hemen erantzuna: Kanpoan Uso, Etxean Otso MUNDUAN NAHI DUENAK LUZAROAN BIZI OILOEKIN OHERA ETA TXORIEKIN JAIKI Badakizu hegaztiak ilunarekin batera lotaratzen direla eta eguna argitu orduko kantari hasten. Urte askotan bizi nahi baduzu, hara hemen aholku bat: Munduan Nahi Duenak Luzaroan Bizi Oiloekin Ohera Eta Txoriekin Jaiki GOGOZKO TOKIAN ALDAPARIK EZ Atseginez eta geure gogoz egiten ditugun gauzetan ez gara nekatzen. Adibidez: Nekanek 7. maila egiten du ikastolan. Textu liburuak ez zaizkio batere atsegin; oso gogoz kontra ireki ohi ditu liburu hauek. Ikasten orduerdi bat egin orduko, asperturik, kalera atera edo lagunen baten etxera joaten da. Baina Nekanek badauzka bere gelan textu liburuak ez diren beste batzu ere: ipuin, nobela, abeturak etab. Orduak eta orduak egoten da era honetako honetako liburuak irakurtzen. Zenbat aldiz kendu ote dio amak gustoko libururen bat eskuetatik gaueko hamabiak jo eta gero! Bestela gau osoan irakurtzen egongo litzateke. Zer gertatzen zaio Nekaneri bere gustoko liburuekin? Gogozko Tokian Aldarik Ez SUA ETA URA BELAUNETIK BEHERA Sua eta ura beharrezkoak dira bizi ahal izateko. Baina jende asko hil sute eta uholdeen ondorioz. Suak eta urak indar gehiegi hartzen dutenean ezbehar asko gertatu ohi da. Horregatik dio esaera zaharrak: Sua Eta Ura Belaunetik Behera USTEAK ERDIA USTEL Norbaiti zerbait galdetu ondoren honela erantzuten badizu, "uste dut baietz", edo "uste dut...", "hamaiketan trena badagoela uste dut" ez gehiegi fidatu. Zeren esaera zaharrak hau bait dio: Usteak Erdia Ustel ERORIZ IKASTEN DA OINEZ "Ez nahiko" asko ateratzen al duzu? Lasai. Saiatu zaitez eta ez ahaztu hau: Eroriz Ikasten Da Oinez EUSKERA BIHOTZEAN BAINA ERDARA EZPAINETAN Ongi asko dakizu gure hizkuntza euskera dela. Horregatik sortu ziren eta iraungo dute aurrera ere ikastolek. Baina zer gertatzen da askotan? Erdara azaltzen dela nagusi, ikastola, eskola, kale eta familietan. Zergatik? Euskera Bihotzean Baina Erdara Ezpainetan ABENDUKO EGUNA, ARGITU ORDUKO ILUNA Abenduan, urteko azken hilabetean, eguna hotza izan ohi da eta gaua luzea. Hala dio behintzat esaera honek: Abenduko Eguna, Argitu Orduko Iluna URRUTIKO INTXAURRAK HAMALAU GERTURATU ETA LAU Auzoko gauza eta pertsonek etxekoek baino fama gehiago eduki ohi dute gehienetan; baina askotan kontua besterik ez da izaten. Adibidez: Zure amari norbaitek esan dio ez dakit zein eskolatan, orain zabiltzan ikastetxean baino askoz gehiago erakusten dutela. Horrela, amak, asko ikasten den eskola horretan sartzen zaitu. Orain, urtebete pasa ondoren, ama ez dago batere gustora. Lehen zebilen ikastetxean baino askoz gutxiago ikasten bait du bere alabak. Eta esaera hau datorkio amari burura: Urrutiko Intxaurrak Hamalau Gerturatu Eta Lau BISTA ONA ETA ELKAR EZIN IKUSI Bi lagun elkarrengana haserre daudenean esan ohi da. JOAN HADI OILOAK PREJITZERA Norbaitek nazkatzen zaituenean eta zeure ingurutik bidali nahi duzunean, hau esan behar diozu. ASTARRAK UMEA EGINGO DIK HI MUGITZERAKO! Patxada handiegikoa edo geldoa den pertsonari esaten zaio. Adibidez: Txema eta bere aita sukaldean daude. Txema, ogi puska bat janez, ipuin bat irakurtzen ari da. Norbaitek etxeko atea jotzen du. Txema ez da mugitu ere egiten eta aitak esaten dio: - Benga, Txema, azkar, ireki ate hori! - Baaai! -eta bere hartan jarraitzen du. Azkenean, haserre bizian, aita bera joaten da atea irekitzera semeari hau esanez: Astarrak Umea Egingo Dik Hi Mugitzerako! ETXEKO SUA ETXEKO HAUTSEZ ESTALI BEHAR DA Etxeko arazoak etxean konpondu behar direla esan nahi da; etxe barruko eztabaida eta haserreen berri kanpoan zabaldu gabe. Konparaketa baten bidez adierazten digu hau esaera zahar honek: Etxeko Sua Etxeko Hautsez Estali Behar Da GOIZEKO LAINO GORRI, GAUEKO ITURRI Goizean zeruan hodei gorriak agertzen badira, gauean euria egingo du. Konproba ezazu esaera hau egia ala gezurra den. NAGUSI ASKOREN ASTOA GOSEAK HIL Hamar laguneko talde batek bizikleta bat erostea erabaki zuen. Baita erosi ere denen artean. zer gertatu zen gero? Batek frenuak puskatu zizkion eta bizikleta denena zenez, ez ez zituen inork konpondu. Beste batek bazterra jo zuen eta aurreko gurpila okerturik utzi. Eta horrela, azkenerako, bizikletaren itxurarik gabe utzi zuten. Handik pixka batera, zakur bat erosi zuten denen artean eta etxola bat egin zioten. Haseran, txandaka ematen zioten jana baina, gero, bati tokatzen zitzaiola eta besteari ahaztu egin zitzaiola, azkenean, zakur gizarajoa beste mundura joan zen hemen janik ematen ez ziotelako. Begira zer dioen esaera zahar honek: Nagusi Askoren Astoa Goseak Hil EGONAI (egon hadi) LO ETA JANGO DEK ME! Zenbait lekutan, espabilatzen ez dena ezer gabe gelditzen da. Adibidez: Jokinen urtebetetzeak dira. Jokinen etxean hamar haur daude mahai baten biran. Erdian pastel handi bat. "Hasi jaten" esan die Jokinen amak. Han ari dira denak jan eta jan. Baina Martxel ipuin bat irakurtzen ari da. Pastel mutur bat besterik ez da gelditzen eta Martxel oraindik ipuina irakurtzen. Jokinen amak, mugitzeko, bestela ezer gabe geldituko dela esaten dio Martxeli esaera honen bidez: Egonai Lo Eta Jango Dek Me! OTSOAK ERE EZ DU BERE HARAGIRIK JATEN Inor ez da bere buruaren etsai; alegia, inork ez dio bere buruari harririk botatzen. Lagunek, sendikoek, herritarrek, ijitoek etab. ere elkar defendatu ohi dute. ESKUKO BEHATZAK ERE EZ ZITUEN JAINKOAK BERDINAK EGIN Mundu honetan denok, bata bestearengandik desberdinak gara. Pentsakera eta eritziak ere milaka daude. Desberdintasun hau adibide fisiko baten bidez adierazpen baten bidez adierzten digu esaera honek. GAIZKI ESANAK BARKATU ETA ONDO ESANAK ONDO HARTU Berriketan egon ondoren, agurtzerakoan, esan ohi da hau. Bertsolariek ere askotan esaten dute azken agurra kantatzerakoan. INOR EZ DA IKASIA JAIOTZEN Oinez, igerian, hizketan, soinu jotzen eta beste mila gauza ikasi behar izaten dira. Ezagutzen al duzu inor jaio orduko korrika hasi denik? GEZURRAK HANKA MOTZA DU Gezurrarekin ez dagoela urrutiegi joaterik esan nahi da esaera honetan; gezurretan dabilena, alegia, uste baino lehen harrapatzen dutela askotan. BEGI BAT ASKI DU SALDUNAK ETA EHUN EZ DITU NAHIKO EROSTUNAK Prontxiok bere autoa salgai dauka. Zenbait akats baditu autoak eta gehiago hondatu baino lehen, saltzea pentsatu du. Eroslea agertzen zaio eta esaten dio Prontxiok: "hemen daukazu, hainbeste balio du". Erosleak orduan, autoa probatzen uzteko eskatzen dio. Prontxiok, oso gogo onez ez bada ere, uzten dio auto hori eta besteak etxera eramaten du. Bi edo hiru egunetan autoa ondo aztertu eta probatu ondoren, akatsez beterik dagoela konturatzen da eroslea. Eta Prontxiori itzuli egiten dio auto hori ez zaiola interesatzen esanez. Zu ere kontuz ibili zerbait erosi behar duzunean eta ez ahaztu esaera zaharra: Begi Bat Aski Du Saldunak Eta Ehun Ez Ditu Nahiko Erostunak GEZURTIAK ZER DUEN MEREZI? EGIA ESATEAN EZ SINETSI Denok jakingo duzue "otsoa datorrela, otsoa datorrela" gezurretan deiadar egin zuen artzainaren ipuina. Otsoa benetan etorri zenean ez zion inork sinistu. DAGOENEAN "BON BON!" EZ DAGOENEAN EGON! Herriko festak ziren eta goiz hartan dexente diru eman zion amak Itsasneri. Bi ordu baino lehen gastatu zituen Itsasnek diru guztiak. Eta gero? Bere lagunek erosten zituzten goxoki eta jostailuei begira igaro zuen egun osoa. DEZAGUN GUTXI, DEZAGUN BETI Kolpetik lan asko egin eta gero alferkerian egotea baino hobe da lan gutxitxeago eta sarriago egitea. Adibidez: Mikelek, ikastolan oporrak hartu zituenean, etxera joan, bere gelan sartu eta ikastolako lan guztiak egin zituen. Uda guztian ez omen zuen gehiago liburu bat ere ikutu. MIkelek ez zekien nonbait esaera honen berri: Dezagun Gutxi, Dezagun Beti ENTZUN ETA ISIL, BAIEZKO BOROBIL Urteoro ibilaldia egin behar zutela eta nora joan erabakitzeko bilera bat egin zuten 6. mailakoek. Neska batek Bilboko Artxanda mendian dagoen parkera joatea proposatu zuen. Beste inork ez zuen ezer esaten, ez baietzik eta ez ezetzik. Ez zen beste proposamenik egon. Isiltasunak baietza adierazi nahi duela eta... neskak proposatu zuen tokira joan ziren. LURRAK HAZI ETA LURAK JAN Hau bai dela egia borobila: lurrak mesede handia egiten digu bizitzeko behar ditugun zenbait janari emanez, baina azkenean, hiltzean, lurrak desegingo du gure gorputza. NEREA NERE ETA ZUREA GURE Ikerri bere bizikletan buelta bat egiten uzteko eskatzen badiozu, beti gauza bera erantzungo dizu: "Eeeez! Zeuk erosi". Baina edozein egunetan ikusiko duzu Iker beste lagunen baten bizikletan ibiltzen. Hau bait da Ikerren legea: Nerea Nere Eta Zurea Gure EZ GEHIEGI HITZEGIN NAHI EZ BADA HUTSEGIN Askotan, berritsukeriatan jartzen garenean, gehiegi hitzegin ohi dugu egiak eta gezurrak nahastuz. Eta ondoren haserreak ere sortu ohi dira esandakoaren kontuak hartzera etortzen zaizkigunean: - Aizu! Zer esaten aritu zinen atzo nitaz? - Ni...? - Bai, zu, gezurti mingainluze hori! - ...??? Horrelakorik gerta ez dakizun, egin kaso esaera honi: Ez Gehiegi Hitzegin Nahiz Ez Bada Hutsegin HAITZEAN JAIOAK HAITZERA NAHI Bere bizi guztian baserrian lanean aritu den baserritarra hiri handi batetara bizitzera joaten bada, txoria kaiolan bezala arituko da. Baita kartzelan preso dagoena ere. Arrazoi du esaera zaharrak: Haitzean Jaioak Haitzera Nahi NOLA SOINUA HALA DANTZA Bizitza honek era askotako aurpegiak erakusten dizkigu. Berak erakusten digu aldi bakoitzean nola jokatu. Esaera honek adierazten duenez, bizitza hau berbena edo dantzaldi bat bezala da. JATEN DUTEN SANTUEKIN EZ DAGO FIATZERIK Bai, oso mutiko isila eta jatorra zen. Ikastolan oso langilea, etxean oso leiala. Denek santutzat zeukaten. Igor zuen izena. Baina Igor ez zen hain santu nonbait. Hark ere bazekien isilean gaiztakeriak egiten. Bai. Egun batez, dirua lapurtzen harrapatu zuten herriko denda batetan. Lagunek, irakasleek eta gurasoek ezin zuten sinistu. - Zer uste zenuten ba? -esan omen zuen herriko zahar batek gertatutakoaren berri jakin zuenean-. Apaldi ikasi nuen nik esaera zahar hau: Jaten Duten Santuekin Ez dago Fiatzerik SANTA LUZI, GAUA MOZTU ETA EGUNA HAZI Santa Luzi eguna abenduaren 13an izaten da. Orduan hasten omen da eguna luzatzen. HOBE DA OINEZ ETA SEGURORA ETA EZ ZALDIZ ETA ZULORA Askotan presaka ibiltzea okerrago da. Hobe da gauzak bere patxadan eta zer egiten ari garen jakinez egitea. Presakako lanak ez du ondorio onik ematen gehienetan. Ea ulrtzen duzun esaera hau! Hobe da Oinez Eta Segurora Eta Ez Zaldiz Eta Zulora ZU ERE INBIDIA PARTITU ZEN MAHAIAN IZANGO ZINEN - Ama, horri lau eman dizkiozu eta niri hiru... Amaren erantzuna: Zu Ere Inbidia Partitu Zen Mahaian Izango Zinen ZER EGINGO DIAGU BA? HIL ARTE BIZI Gaitzez edo nekez asperturik dagoenaren esaera. BESTE LEKUTAN ERE ZAKURRAK OINUTSIK IBILTZEN DIRA Zailtzasun eta arazoak leku guztietan daudela esan nahi digu honek. Adibidez: Liernik ingalaterran igaro du aurtengo uda. Zerura zihoalakoan joan zen haruntz. Izugarrizko propaganda ona egin bait zioten Ingalaterraz. Etxeratu zenean, galdetu zion amak: - Zer moduz? - Baa! Hemen bezain ongi ez. Lagunik gabe, gosea, lana... - Zer uste zenuen ba? -eta esaera hau gogorarazi zion amak: Beste Lekutan Ere Zakurrak Oinutsik Ibiltzen Dira BOSTAK ETA ILUNA TXERRIA HILTZEKO EGUNA Zein da txerria hiltzeko urte garairik egokiena, uda ala negua? BAT EMAN ETA BI HARTU Ikasleak galdetzen dio irakasleari azterketa garaian: - Boligrafoa eska al diezaioket Estanixi? - Bai, gizona, bai! Ikasle azkar-usteko hori joaten da Estanixengana, baina ez boligrafoa eskatzera bakarrik, ulertzen ez duen galdera bat nola den esango al dion eskatzera ere bai. Zer gertatu da? Ikasle horrek abusatu egin duela. URTE ASKOAN TXAPELA KASKOAN Norbaiti, urteak betetzen dituenean, zorionak emateko esaera egokia. Luzaro bizi dadila esan nahi zaio urteak betetzen dituenari, edo konkretuki, urte askotan jantzi dezala txapela. Hainbat erabiltzen dugun "urte askotako" espresioaren antzkoa da. ADISKIDE ONEKIN ORDUAK LABUR Lagunartean pozik gaudenean konturatu gabe joaten zaigu denbora.