Joseba Sarrionandia Olerkiak Dispersioa (GPA, Argitaletxe HIRU, 1993) Erdi Mina Iadanik harrapatua, polizien bultzakada eta kolpeen artean, amari emaniko azken adioa gogoan, odolaren zaborea ezpainetan, sinetsi egin nahi huke. Biluzik, estekaturik, paparra dena erreta, ia deseginik, naufragiorik gupida gabeenean ere azken eustarria atzekitzeko, sinetsi egin nahi huke hik oinaze bidaia horretan heriotzerantza emaniko pausu bakoitza hire herriak bizitzara ematen duen urratsa dela. Hnuy illa nyha majah yahoo (Elkar 1995) Damurik ez Ene bizitza atzera bizi ahal banu filme bat bezala, dena hasieratik errepikatu ahal balitz, zer ez nuke moztuko, zer ez nuke tatxatuko, zer ez nuke aldatuko, zer ez nuke emendatuko! Filmea ber egiterakoan _remake_ hobetua baino nahiago nuke filme arras bestelakoa. Halaere, ez naiz zuei amore, atsegin edo bakea ematearren ezertaz edo ia ezertaz damutuko. Ez naiz damutuko ez untziak eraikitzez, ez untziak suntsitzez, ez loreez ez labanez, ez polboraz ez andere biluziez, ez begitako euriez ez ene ahapaldi aldrebesez, ez aldean daramatzadan zauriez. Bizitzeko zazpi bizitza banitu ere katuek bezala ez dizuet ezta kapitulazioaren orduan ere zeuen nehurri eta gustokorik batere entregatuko. Biluzteko orduan Ohe bazterrean besarkatu ginenean maitasun poema bat eskatu zidan. Izterrak ene giltzurrinen inguruan hestutu zituenean maitasun poema bat eskatu zidan berriro. Zer egin? Poeta ofizioa ez da erreza, Rainer Maria Rilkek poesia odolezko izerdia dela esaten zuen. Zertarako ekarri izua eta ikara izara artera... Larruak ematen duenarekin aski da, eta dena dela larrua jotzeko ez da derrigorrez giro hain poetikorik behar. Biluzten bagara errazagoa da. Euri eguna Euria gustatzen zaio kantoiko itsu loteria saltzaileari. Goitik behera euria adokin zimelduetara, eta zeharka arratseko zintakin. Goroldioa egunen atzekaldan hedatzen, euria maitasun onetsiak bezain lehun lurrean irristatzen. Sapaburuak balea izateko ametsak borobiltzen. Euria ari, hormako zorion marrazkia ezabatuz eta teilen kolorea hurrinera arrastatzen. Euria, artesau hatzamarren doinua, suge erorketa, hitz erorketa ikaragarria munduko hiztegi guzietatik. Nobelatako dontzeilak leihoetan euriaren laztan eske, euria beren paineluak hartzen, beren bihotzak tipitzen, beren ezpainak umeldu eta isilerazten. Euria, eskaleek bizturiko suak amatatu eta haien erraietaraino egarria lez hedatzen. Jendea artean haztamuka doa aterri denean baino jantziago. Lagun presoei gutuna Nahiago nizueke izkiriatu gutuna hitzik gabekoa: dena esanda dago eta zer akigarria den errepikatzeka, batez ere hitzek esan nahi dutena geroago eta gutiago diotenean; alemanerazko hitz luze eta ikaragarriak ere ez omen dira erabat zehatzak. Polizia, bankero, ugazaba eta apezek "terrorista" esaten dizuete, eta barregarria da gure jendea ere "heroe" deitzen, zuei, estatuen harri gatibutza inola ametituko ez duzuenoi, askatasunaren aldeko burrukan askatasuna galdu duzuen giza zatioi. 600 baino gehiago zaretela esaten da beti eta zero horiek eta dispertsioak eta urtaldien amaigabeak abstrakzio itxura ematen dizuete; zin egin behar zaio jendeari ez zaretela batere abstraktoak, nahiz eta hurrinak, nahiz eta zuen bizimodua esanezineko modukoa izan. Hemen eguna odolustutzen ari da ortzemugan zauri sakon bat bezala, nork daki sendagarria den. Guk betiko antzera jarraitzen dugu polbora eta lore artean, logistika eta metafora artean, Karl Marx eta andere biluziaren artean: gauza bakoitzak bere zailtasuna, batzutan mosu bat ematera etsaiaren kuartel jeneralean lehergailu bat jartzea baina zailagoa da... Zuen askatasuna behar dugu, eginkizun zailetan elkarrekin jarraitzeko. Gure herriaren gorputz galdua bilatzea esate baterako. Zuen askatasuna behar dugu, libre gaudenok ere libreak izateko, giza jendeak berez haragian itsatsirik dituen katea luze eta ilunekin librea izan daitekeen nehurrian behintzat. Haize gorria Zatoz haize gorria gure herrialdera eguzkia paisaiaren ortzemugara eramatera zatoz hostoak lehortzera gorostiak handitu eta lehertzera intzirika zatoz haize zoroa guardasolak okertzera teilak mogitzera arranoa bezala hegalak zabal zabalik ez zaitez ederra izan ez abila izan zaitez dorpea zatoz erauz itzazu jaun andereen maskarak galeraz itzazu hegaberak zeruetan zatoz errime munduko gauzek beren moldea zein den ahantz dezaten sosegu zuri guziak lohitzera erdu indarrez zuhaitz zaharren adarrek eroturik gure etxeetako ateak hauts ditzaten